Zirrikituetatik begira

Erretiratuak

Rikardo Arregi - Miércoles, 14 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

GASTEIZEN erretiratu talde txiki bat kontzentrazioak egiten hasi zen noizbehinka, ez oso aspaldian, baina azken asteotan ikusi ditugun erretiratuen edo pentsiodunen manifestazioak (Bilbon eta Iruñean, adibidez) ez dira hain txikiak izan;are gehiago bat baino gehiago bildutako jende kopuru handiarekin harriturik gelditu da. Mugimendu berri baten hasiera al da hori guztia? Agian aurten erretiro pentsioei igo dieten apurra, urteroko %0,25 barregarri hori, izan da gainezka egiteko edalontzi ospetsuari falta zitzaion azken tanta. Agian Fátima Báñezek, M. Rajoyk eta enparauek egin dituzten azken adierazpenak (azken urtetoan egin dituztenen parekoak, egia esan) mingarriagoak izan dira hazkunde ekonomikoaren berri ona gau eta egun predikatzen diguten bitartean. Agian erretirora iristen ari diren belaunaldiak borrokalariagoak dira. Agian emakume alargunak nekatu dira. Agian alderdi batzuen gezurrek gehiegi iraun dute. Ez dakit, baikor izan nahi nuke edo kontzientzia berri baten jaiotza, edo horrelako zerbait, ikusi.

Ondo dakidana da pentsio publikoen sistema arriskuan dagoela, agintariek behin eta berriro kontrakoa adierazten badute ere (behin eta berriro adierazteak ez du ezer onik iragartzen, hain zuzen). Ondo dakidana da erretiro pentsioak gero eta txikiagoak izango direla, ez profeta naizelako, jakina, adituek horixe bera errepikatzen digutelako egunero, ustekaberik izan ez dezagun ziur aski (hain dira bihozberak). Ondo dakidana da bankuek ezin dutela jasan estatuak pentsioetarako hilero biltzen duen diru hori guztia haien eskuetan ez egotea, eta pentsio plan pribatuak bultzatu nahiago dutela (estatuak ordainduko dizuenarekin ez duzue nahikoa izango). Aurreko esaldi horietan agintari, aditu eta banku hitzak sinonimoak izan daitezke, trukagarriak. Agintari, aditu eta bankuak txitxarraren eta inurriaren ipuinerako bertsio berriak (app eta guzti) prestatzen ari dira.

Gasteizko kaleetan adineko jende askok negu hobeak ezagutu dituzten berokiak daramatzate. Agian manifestazioetan ikusiko ditugu.