Talaieroa

Hitzak haizeak eraman

Erramun Osa - Martes, 13 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Gogoan dut umetan, euskarak ospe eta hiztun gutxiago zituenean, euskararen balizko zahartasunaz esaten zitzaizkigunak. Horrela, aditzera eman zigutenez, euskara Neolito sasoiko hizkuntza zen, edo zaharragoa. Eta hori egiazta-tzeko, “aizkora” eta gisako berbak erabiltzen ziren frogagiritzat. Izan ere, hitz horren balizko etimologiari tenk eginez, harri landuzko tresna da aizkora delako hori eta... jakina denez, jada gure artean aspalditik ez dago harriz eginiko horrelako gailurik. Egun, hor zehar badira partez asmatutako etimologiak oinarritzat hartuta, arrakasta izan duten txioak, kontuaren benetakotasuna egiaztatzeko inolako ahaleginik ez duten hedabideek nonahi eta nolanahi barreiatu dituztenak. Zorionez, gure hizkuntzari buruzko ikerketek asko egin dute aurrera eta asmakeriak bazter-tzen ari gara, kostatzen ari bazaigu ere!

Baina... hori ez da gaurko gaia. Duela gutxi Espainiako Diputatuen Kongresuan zalaparta sortu da “portavoz/portavoza” hitzen harira. Izan ere, gizarte berdinagoa eraikitzeko asmoz, kutsu sexista izan dezaketen hitzak baztertzen joatea, bi sexuak kontuan hartzea ala neutroak diren eleak lehenestea iradokitzen ari gara. Polemika sorrarazi zuenari, ordea, ahaztu egin zitzaion... edo beharbada, ez zekien “portavoz” komuna dela genero ikuspegitik, hots, bi sexuentzat dela baliagarri... eta gauzak horretara jarrita badituela gaztelaniak bestelako baliabideak bozeramailearen sexua azpimarratzeko, bitxikeriak asmatzen ibili gabe. Nago kontu horrek hainbatetan testu idatziak kateatu eta aldrebesten dituela eta, azkenaldion, baita ahozko jarduna ere, horrenbeste non testuarekin aditzera eman nahi den mezua galtzen den.

Egiazko berdintasuna gertatzeko badira bestelako ekinbideak, garabidean jarri beharko liratekeenak eta are eragingarriagoak izan daitezkeenak, nire ustez. Esate baterako, lan bera egiteagatik soldatetan antzematen den desberdintasuna jazartzea, halakorik ez gertatzeko engaiamendu argi eta adierazgarria hartzea erakunde publikoen zein pribatuen aldetik, bai eta enpresarien aldetik;erantzukizunak-eta hartzeko orduan, gaitasuna hartzea oinarritzat, sexua beharrean;emakumeek ardurak hartu ahal izateko jarrera pro-aktiboa denon aldetik eta abar. Hitzak haizeak eramaten baititu eta ekintzak, ordea, hor geratzen direlako, gerokoaren zimentarri!

Euskara ere nozitzen ari da joera berri horren zipriztinak. Hor dugu, hitzaren zati baten etimologia kontuan hartu gabe, “gizartea”ren ordez “jendarte” erabiltzeko asmakizun berria edo sasoi bateko “alkatea/alkatesa”, “lehendakaria/lehendakarisa” bezalako bikoteak. Gehien-gehienetan, gainetik kendu ezinean gabiltzan gaztelaniaren mimetismoz sortu ditugunak. Ezen ahaztu egiten baitzaigu euskararen logikan, alkatea berdin izan daitekeela gizonezkoa, emakumezkoa ala generoarteko bat.

Berdinagoa den gizarte baten alde, gure hizkuntzak beste aukera batzuk eskaintzen dizkigu, gaztelaniak eskaintzen ez dizkigunak. Inguruabar horretan sakonduz, “langile bat” nornahi aipa-tzeko da baliagarria, espainierazko baliokidea ez bezala. Izan ere, euskarak, munduko beste hizkuntza askoren antzera (txinera, japoniera, turkiera, finlandiera etab.) ez du genero gramatikalik. Horrek, ordea, ez du esan gura, besteak beste, etxeko animalia gutxi batzuen kasuan, arrak eta emeak desberdintzeko izen berezirik ez daukagunik. Beraz, saia gaitezen euskararen senetik euskarazko hitzak ondo erabiltzen eta berriak ganoraz sortzen, gauzak asmatzen ibili gabe.