urtarrilaren 27an

Kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak izango dira Mungiako Bertso Egunaren ardatzak

Bertso Eguna Mungian (Bizkaia) ospatuko da, urtarrilaren 27an, eta kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak izango ditu ardatz. Iaz iragarri moduan, Bertso Eguna Donostiatik herrialde osora zabaltzeko apustuari helduko dio aurrerantzean Bertsozale Elkarteak, eta "Bertso Egun ibiltariaren lehen edizioa" antolatzeko Mungiako Udalaren eta Taket Bertsolaritza Alkartearen laguntza izan du.

EUROPA PRESS - Viernes, 12 de Enero de 2018 - Actualizado a las 12:51h.

BILBO. Horrela, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, eguerdiko bazkarirako txartelak eta arratsaldeko jaialdirako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bazkaltzeko txartelak 20 euro balio du;jaialdikoa 10 eurotan izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek, 8 eurotan gazteek eta 12 eurotan gainontzekoek.

Kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak helduleku hartuta dator aurtengo Bertso Eguna. Horrela, lehen ekitaldia eguerdian izango da, Torrebillela eraikinean. Alaia Martinen esanetara musikarien eta bertsolarien arteko gogoeta egingo da. Bertan parte hartuko dute Rafa Rueda eta Maria Rivero musikari eta abeslariek eta Jon Maia bertsolariak. Jarraian, poteoa izango da Mikel Barandiaranek eta Julene Otegik girotuta, eta aurtengo Bertso Egunaren gaiari lotuta, bertso jarrien hautaketa bat abestuko da.

Otorduaren proposamena aldatu da ohiko Bertso Egunetik. Zaleak hiru taldetan banatuko dira egindako hautuaren arabera. Bertsozale guztiak herriko plazan bilduko dira eta Bertsozale Elkarteko eta Taket Bertsolaritza Alkarteko lagunek lagunduko dituzte elkarte bakoitzera.

Bikote bana ariko da kantuan elkarte gastronomiko bakoitzean: Julio Soto eta Onintza Enbeita Ehiza eta Arrantza Elkartean, Sustrai Colina eta Miren Amuriza Anaitasuna Elkartean eta Igor Elortza eta Jone Uria Guri Zer elkartean. Jatekoa berbera izango da hiru elkarteetan: urdaiazpikoa, solomoa eta patea;euskal untxia saltsan; euskal pastela eta helatua;kafea eta kopa.

Azkenik, jaialdian bost bertsolarik parte hartuko dute: Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriagak. Alaitz Rekondok jarriko dizkie gaiak. Artista gonbidatuak ere izango dira, besteak beste, Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria eta Jon Martin bertsolaria. Arratsaldeko emanaldiaren ondotik festak izango du jarraipena.