160.000 euroko inbertsioa

Zineuskadik 33 zinema diruz lagundu ditu, Europako eta Iberoamerikako filmen proiektatzeko

Zineuskadik jakinarazi du jaso dituen eskaera guztien artean bakarra geratu dela laguntzarik jaso gabe

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Zineuskadi ikus-entzunezko sektorearen plataforma publikoak 160.000 euroko inbertsioa bideratu du 33 zinema aretotara, Europako eta Iberoamerikako filmen kopiak proiektatzeko eta, bide batez, europar zein iberoamerikar zinemagintza sustatzeko.

EUROPA PRESS - Miércoles, 10 de Enero de 2018 - Actualizado a las 13:05h.

BILBO. Zineuskaditik jakinarazi dutenez, Zinema Euskaraz programako pelikulen kopien alokairuak eragindako gastuak laguntzeko aurrekontu sail bat ere sartzen da inbertsioaren barne.

Deialdia 2017ko bukaeran argitaratu zen, eta aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Zineuskadi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak diru laguntzen zerrenda argitaratu du plataformaren webgunean.

Zehazki, bi laguntza mota daude. Alde batetik, gehienez hiru pantaila dituzten zinema aretoak daude. Laguntza jaso ahal izateko baldintza da 2016eko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era programazioaren %35 Europako eta Iberoamerikako filmekin osatu izana. Multzo honetara 132.000 euro bideratu dira, eta 29 zinema aretok jaso dute laguntza.

Bigarren multzoan hiru pantaila baino gehiago dituzten zinema aretoak sartzen dira. Hauen kasuan, epe berean programazioaren %50 gainditu behar dute Europako eta Iberoamerikako filmekin. Lau aretok jaso dute laguntza hau, eta Zineuskadik 28.000 euro bideratu die.

Azkenik, Zineuskadik jakinarazi du jaso dituen eskaera guztien artean bakarra geratu dela laguntzarik jaso gabe, filmen programazioak ez duelako ezarritako %35eko langa gainditu.