Zirrikituetatik begira

Puntu eta koma

Josu Torre - Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

PILATZEN zaizkit gaiak baina espero dut ez korapilatzea. Aipamenetik harago merezi du, kasurako, Aralar alderdiak jardunari utzi izana eta, albistez jarduteko, eguenetik eguenera luza egiten den eta ehun bat iritzi aterako ziren arren, nire iruzkintxoa egiteke pasatzeko asmorik ez dut. Kasualitatea ote da Zabaleta sortutako alderdi honek “Puntu eta koma” izendatzea Iruñan antolatu duten agurrerako txostena, agur hori ospatu duten aste berean Hizkuntzarako Espainiako Akademiak RAEk ortografi zeinu hori ezabatzea, desagertzea proposatu izatea. Jo dezagun kointzidentzia hutsa dela bestelako loturarik ez dagoelako.

Hamasei urte iragan du Aralar alderdiak, 16 urte behar izan ditu sorreran jarritako baldintzak betez, protagonismoa beste sigla batzuen esku uzteko. Batzuen edo baten, berdin zait. Lurraldetasunaren zentzuak dezenteko urratsa eman du, besteak beste, Nafarroako erakundeetan eman izan den iraultzan eta barne demokrazia praktikarekin egiaztatu dutela ziur nago. Eta denetan gizarteari eragin eta poz gehien eman diena, ETAk borroka armatua uztea. Alderdia desegitearen gainetik norbanakoak ekinean jarraituko dutela argi, ozen -eta non- azaldu dute eta hemen bai nire ez adostasuna edo, gutxienik, zalantza;16 urte horietan mespretxu eta irain gehien igorri dizkienen gana hurbildu direlako. Ezker Abertzalearen zentzua edo izena esklusibotzat hartu eta lehenik HB edo Batasuna eta azken uneetan Sortu edo ingurukoek baztertu edota isolatze ahaleginak egunerokoan egin dizkiotela. Aralarrekoei eta, zeresanik ez, Eusko Alkartasunakoei. Eskerrak Bildu berri horretan norbanakoen nibela erakusteko aukera izango dutela.

Hurbil edo lagun izan naute beti Aralarrekoek eta haragi-hezur eta garunetan bizi izan ditut aipatutakoak, bereiziki Udal hauteskundetan zerrenda buru azaldu nintzenean. Hitz gutxitan laburbildu nahi dut hainbat herritarren galderei eman dien erantzuna, abertzalea eta ezkerra izaki HBn edo hurrengoetan ez sar-tzeko arrazoiez. Armarik ez dudalako nahi, txoririk hiltzeko ere... eta puntu eta koma.