durangoko azoka

‘Gamer gela', euskaraz bideojokoetan ibiltzeko aukera aparta

‘Gamer gela’ tailer eta hitzaldi multzoak joko digitalen munduan euskaraz gozatzeko aukera eskeini zuen atzo

Oier Perezen erreportaia - Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

GAUR egungo gizartean, oso zabalduta dago bideojokoen mundua, haur eta gazteen artean batez ere. Euskarri pantailadun guztietan dago jada edozein motatako jolasetaz gozatzeko aukera, esate baterako telefono mugikor, ordenagailu edo kontsola mota askoren bitartez.

Zailagoa da ordea, sarean, euskaraz gozatu ahal izateko aukera topatzea, izan ere, baliabide gehienak gaztelania edo ingelesez daude eginak. Honen aurrean, Game Erauntsia plataformak euskara mundu honetan zabaltzea ahalbidetu du, eta ikusgarri utzi zuen atzo Durangoko Azokako 52.edizioan. Goiz eta arratsalde osoan zehar, eskuragarri egon zen Landako Guneko bisitarientzako Gamer Gela, Kabi@ zonaldean. Bertan, bideojokoen munduan euskaraz murgiltzeko aukera egon zen, adin txikikoek eta nagusiagoek erabiltzeko bideojoko ugari baliatuz. Urtzi Odriozola, erakundeko kidearen ustez, aukera oso ona izan zen atzokoa familia osoarekin disfrutatzeaz gain, euskara arlo eta maila honetan hedatzeko: “Helburu nagusia, euskal komunitatea sarean zabaltzea da. Gainera, adin desberdinetako jendeak gozatzeko aukera dago, joko sinple eta hezitzaileak ditugu, baina eduki konplexuagoak dituztenak ere”.

Mota askotakoak izan ziren aurkeztutako jolasak, esate baterako 0AD, estrategiazkoa, SuperTux, auto lasterketena, edo The vanishing of Ethan Carter, misterioz jositako abentura grafikoa, azken hau adin nagusiagokoentzakoa, bere zailtasuna dela eta. Baina atzoko egunean zehar, arrakasta gehien izan zuena Stepmania izan zen. Gorputza Aldapan gora bezalako euskal abesti arrakastatsuen erritmoan mugitzeko joko honek partaide ugari izan zituen atzoko jardunaldian, bi pertsonaren arteko lehiaketa eginez. Aitor eta Galderren kasua alegia. Aita eta seme eibartarrek, haien arteko norgehiagoka gogorra burutu eta gero, oso ekimen positiboa iruditu zitzaiela adierazi zuten. “Asko gustatu zaigu. Uste dugu oso garrantzitsua dela euskara bideojokoen munduan zabaltzea eta gainera familia osoarekin disfrutatzeko okasioa ematen du”, aipatu zuen Aitorrek, bere semearekin jokatu ondoren.

Era askean jolastu ahal izateko aukera eskaintzeaz gain, bideojokoak euskaratzen irakasteko hitzaldi-ikastaro bat egon zen. “Mota desberdinetakoak itzultzea irakasten dugu, batez ere, software librekoak batez ere”, aipatu zuen Urtzi Odriozolak jendea ikastarora hurbiltzera animatzeko. Egunari amaiera emateko, SuperTuxkart lasterketen jolas lehiaketa antolatu zen Gamer Gelan, eta irabazleak, berak aukeratutako jokoa eta bere garaikurra izan zuen saritzat. Aukera ederra atzokoa sarean euskaraz gozatu eta ibili ahal izateko. Game Erauntsi plataformak adin nagusi zein txikiko jendea animatu zituen ekimena aurrera eramateko, “frikia naiz eta harro nago” lelopean.