Zirrikituetatik begira

“Normaltasun osoz”

Rikardo. Arregi - Miércoles, 6 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

KATALUNIAN hasiera eman diote hauteskunde kanpainari “normaltasun osoz”, hedabide gehienek dioten moduan. Baina kanpaina eta hauteskundeak ez dira batere normalak inkestek, mitinek, hedabideek eta politikarien adierazpenek bestela erakutsi nahi badute ere. Hautagai batzuk espetxean daude, edo erbestean. Hauteskundeak antolatu dituena Espainiako gobernua izan da, ez erakunde katalanak. Kanpainaren bezperan bertan epaile batek idatzi du Oriol Junquerasek kartzelan segituko duela pertsona arriskutsua delako ekintza bortzitzak antolatzen ibiltzeagatik, eta aske utziko balu, berriro ere indarkeriatan sartuko litzatekeela. Bi aldiz begiratu diot Oriol Junquerasen argazkiari konprobatzeko pertsona berberaz ari dela;izan ere, Katalunian azken aldian gertatu denaren ezaugarri nagusia mobilizazioen bakea eta lasaitasuna izan da, eta, era berean, independentziaren aldeko politikariek behin eta berriro protestak tonu horretan mantentzeko egin dituzten aldarrikapenak. Gezurrak ere zabaltzen ari dira “normaltasun osoz”.

Baina ohituta gaude gezurrekin. Euskal Herrian ikusi dugu nola bihurritu den legea, edo nola prestatu diren lege egokiak, batzuk hauteskundeetatik kanpo gelditzeko, demagun, den-dena “normaltasun osoz”. Ohikoa dena, abenduan hotz izatea, adibidez, albiste bilakatzen duen gizarte berberak ohikoa ez dena, hauteskunde katalanen inguruko guztia, normal-normal eta natural-natural aurkezten digu. Badirudi guk sinesten dugula kontua, azken inkesten emaitzen analisiak egiten hasten baikara buru-belarri ezer geratuko ez balitz bezala: Inés Arrimadas gora, Esquerra behera. Badirudi Estatuak erabaki duela zeinek irabazi behar dituen hauteskundeak eta lortu arte katalanek errepikapenak izango dituztela aurreikustea ez da zaila. Katalunian, gainera, ez dira oraindik ilegalizazioak hasi, baina “normaltasun osoz” etor daitezke, beharrezkoak badira. Katalunian kolore horia ez omen da guztiz legala testuinguru batzuetan. Kolore horia debekatzea: “normaltasun osoz” hartuko beharreko neurria, nola ez.