Zirrikituetatik begira

Dena ondo

Pilar. Kaltzada - Martes, 14 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

DeNA ondo, edo antzeko zerbait, erantzuten dugun nola gauden, gauzak nola doazen, galdetzen digutenean. Iskin egiteko modu onartua da hori, argibidea eskatzen duenak zein ematen dituenak, biak ala biak, ongi baitakite gutxi espero daitekeela galdera horretatik, are gutxiago emaitzatik.

Nik badakit gure auzoko bizilaguna pattal dabilela azken bolada honetan, pilatu egin zaizkiolako hainbat gaitz eta ezinegon, eguneroko huskerien ondoan jarrita nabarmentzeko modukoak direnak. Aspaldi bila joan zitzaion minbiziak berriro egin dio dei, eta ahulduta harrapatu du, aspaldidanik kili-kolo zebilen baitzebilen bere lantokia eta orain han ere gauzak okertu egin direlako. Berak kontatu gabe banuen horren guztiaren berri, eta hobe nuke, bai, elkarrizketa beste bide batetik eraman izan banu, baina zerbait instintiboa da, antza, bi aldiz pentsatu gabe supituan ateratzen zaigun zerbait, zeren eta aurrez aurre topo egin genuenean, zer moduz dagoen galdetu nion nik eta berak, irribarre txikia eginez, dena ondo zegoela erantzun zidan.

Euskal Herriko egoeraz iritzia eska-tzeko deitu zidan aurrekoan atzerriko adiskide batek, kazetaria denak. Berak lan egiten duen egunkarian erreportaje bat egiteko eskatu diote, zeinean gurean Kataluniako gaur egungo egoerak nola eragin duen azalduko duen, beste zenbait gairen artean. Konparaziorako, nola gauden galdetuko zidala aurreratu zidan telefono dei horretan, gonbitea onartuz gero, beste egun baten hitz egiteko hitzordua finkatuko genukeela argituz, itxuraz, pentsatzeko denbora apur bat emateko edo.

Gauza batzuk ez daude ondo, egia da, eta aldi berean den-dena gaizki dagoenik ere ezin esan liteke. Bide estuetan korritzen da egia, makina bat bihurgune dituen bide malkarretan.

Nola gaude? Nola doaz gauzak gurean? Badakit galderak ez direla zertan deseroso izan behar, erantzuten duenaren baitan datzalako emaitza, baina ñabarduretarako tarterik ba ote dugun zalantza dut aspaldi honetan. Erantzuna hitz neurtuetan emateko tentazioa dut, ariketa beti zail eta maiz labainkorrean irrist ez egiteko edo. “Dena ondo” esango diot, ia seguru.