Talaieroa

Gure gizartea iraunarazi

Erramun Osa - Martes, 14 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

GURE herria asko aldatu da oso denbora laburrean, azpiegituren ikuspegitik, ohituren partetik, mugikortasunaren eta berrikuntza teknologikoaren aldetik, bai eta lurraldearen beraren antolamenduaren inguruabarrean ere. Horrela, gure herri txikia are txikiagoa bihurtu zaigu, ia ustekabean... baina aldaketarik handiena, denboran eragin zabalena duena demografikoa izan da. Izan ere, zoru zabala eta erpin estua zuen adin-piramidea izatetik, gerriondo zabala, oinarri estua eta erpin gero eta zabalagoa izatera igaro gara. Horri gehitu, ohituren aldaketak eta krisi ekonomikoak gazte jendea atzerrira joan dadin bultzatu duela eta, azken denboran, beste lurralde ba-tzuetatik herritar berriak -herritar hauek dute jaiotze-tasarik altuena- iritsi zaizkigula.

Jaiotze-tasa urriko eta bizi-itxaropen altuko gizartea da gurea, beste herrialde aurreratu ba-tzuetako egoeren antzekoak bizi dituen horietakoa... eta komeni da ahalik lasterren egoera honetaz jabetzea, honi buruz gogoeta egitea eta, buelta eman ahal izateko, askotariko eragileen artean gizarte-itun zabal bat lortzeko urratsak egitea.

Akordio honek, gizarte honek iraunarazteko bere osotasunean egin behar duen esfortzu kolektiboaren inguruabarrean, elkar eragiten duten faktoreak hartu beharko ditu kontuan. Batetik, atzerrira joan diren gazteak bueltatu ahal izateko erraztasunak eskaini beharko ditugu, hemen daudenei gelditu daitezen eta atzerrian daudenei lekutzeko baldintza ahalik onenak eskainiz. Enplegu duinik eskaini gabe, bizi-proiektu bat gauzatzen laguntzeko modurik eskaini gabe ez dago halakorik lortzerik. Aitzitik, eskasak diren lan-baldintzek prestatuen dagoen belaunaldia atzerrira bultzatzen segituko dute... eta nazioartean badira haien egoeraz jakitun, jende prestatu berria hurreratu eta lekutu dadin gure gizarteak baino esfortzu are handiagoa egiteko prest daudenak.

Bestetik, lana eta familia kontziliatzeko urratsak egin behar ditugu, ahalik lasterren. Ordutegiak gaur egungo errealitatera egokituz eta abar. Honakoak lan-baldintzekin ere badauka zer ikusia. Egiazko kontziliazioa hezurmamitzeko eta lan-baldin-tzak duintzeko ahaleginik egiten ez bada ez baita gizartean somatzen den joerari buelta ematea lortuko. Gizartea iraunaraztea eta nahi diren umeak izan ahal izateko, erraztasunak ematea da kontua.

Gure gizartea ondorengoetara-tzeak ez dauka enpresetan-eta sortzen diren beharrekin zer ikusia bakarrik, gero eta zama astunagoa izango duten zerbitzuei eustearekin, gure hizkuntzaren eta kulturaren indarberritzearekin, herrietako eta auzoetako bizitza indarberritzearekin dauka lotura... eta horretara iristeko denon ahalegina beharko da, herri-erakundeena, sindikatuena, ehun-ekonomikoarena, askotariko elkarte eta erakundeena.