Brankaganetik kikuke

Huts egiteko tarte barik

Ramon Basaldua - Martes, 14 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

BeDERATZI partidu jokatuko dauz Athleticek hurrengo hilabetean, urtea amaitu baino lehen hain zuzen be. Vila-real, Hertha, Real Madrid eta Reala hartuko dauz San Mamesen eta Deportivo, Formentera, Zorya, Levante eta Betisen zelaietan jokatuko dau. Itxaron daigun Zigandak eta bere gizonek ondo baliatu izana azken atsedenaldi hau orain arte txarto egindakoak konpontzeko. Izan be, garbi esan geinke zuri-gorriek ezin dabela huts egin hurrengo partiduetan. Huts egiteko aukera guztiak bete dabez dagoenekoz, Zorya, Ostensunds, Formentera edo Leganesen aurka. Zigandaren gizonek finalak balira lez jokatu behar dabez Vila-real eta Hertharen aurkako norgehiagokak, galdu ezkero ondorioak oso larriak izan daitekezalako. Ez dago huts egiteko tarterik. Irregulartasuna iraganeko kontua dala erakutsi behar dabe. Jokalariek dinoe entrenatzailea indartsu ikusten dabela eta ziur dagozala taldeak aurrera egingo dauela. Nahi eta gogo hori zelaian erakutsi behar dabe guztion onerako.

Beste alde batetik, Athleticek eta Kepa Arrizabalagak hartu-emonetan jarraitzen dabe atezainaren kontratua barritzeko. Horixe da, ziur dakigun gauza bakarra. Hortik aurrerako gauza guztiak usteak eta susmoak dira. Garbi dago, alde bien arteko negoziazinoa nahi baino gehiago luzatu dala eta, emoten dau, egunetik egunera akordio bat lortzeko aukerea gero eta gatxagoa dala. Edozelan be, sarritan gertatzen dan lez, negoziazino bateko alde biek azkenerarte itxaroten dabe hordagoa botateko eta gaur ilun dagoana, garden egon daiteke bihar. Athleticek Kepa Arrizabalagak taldean jarraitzea gura dau eta atezainak be Athleticen jarraitu gura dau. “Badakit nondik natorren eta nora joan gura doten” esan dau Espainiako selekzio nagusiagaz lehenengoz jokatu ostean. Hortik abiatuta, ez dogu itxaropena galdu behar. Gero eta egun gitxiago geratzen dira urtea amaitzeko eta Josu Urrutia presidenteak argi esan dau negoziaketea ezin dala askoz gehiago luzatu. Horrek esan gura dau, laster argituko dala Keparen etorkizuna Athleticen badago ala hemetik kanpo.

Kepa Arrizabalaren kontratua ekainaren 30ean amaituko da eta talderen batek fitxau gureko baleu ez leuke fitxaketarik ordainduko. Ganera, goi mailako atezaina dala kontutan izanda, esan beharrik ez dago ondarrutarra aukera erakargarria bilakatu dala edozein talderentzat. Madrilgo komunikabideetan hasi dira urratsak emoten Arrizabalaga Real Madridera hurreratzeko eta bide batez Athletic eta jokalariaren arteko giroa garrazteko.

Zale guztiok gura dogu Kepak hemen jarraitzea eta azkenean akordiorik adosten ez badabe kolpe ikaragarria izango litzateke Athleticentzat. Klubak ez leuke atezain bikain bat bakarrik galduko. Askoz gehiago galduko leuke. Arrizabalaga Lezamako harrobiaren semea da, eta gure estiloaren adierazle garbia. Ez dauka zerikusirik, Javi Martinez, Herrera edo Llorentegaz. Ulergatxa izango litzateke ondarrutarraren kontratua barriztuteko akordiorik ez lortzea. Kepa jokalari estrategikoa da ezelako zalantza barik eta Athleticek ahalegin guztiak egin behar dauz akordio bat adosteko, aurretik Laportegaz egin eban moduan. Ez daigun itxaropena galdu eta itxaron daigun alde bien arteko akordioa sinatzea datozen egunetan. Albiste bikaina izango litzateke eta Athleticen barri onak behar doguz. Lehenengoa jaso dogu, Yeray Alvarezek gaixoaldia atzean itxi dauelako eta taldekideekaz batera entrenatzen hasi dalako.