Aizarnan, Zestoan

Erromatar garaiko sustraiak

EHU-ko ikerketa batek duela 2.000 urteko aztarnak topatu ditu aizarnan eta baliteke uste baino gipuzkoako herri gehiago garai hartan sortutakoak izatea

Martes, 14 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Erromatarrak Gipuzkoan zehar ibili zirela ez da berria: haien aztarnak garbiak dira Oiartzun eta Irun inguruan eta baita Zarautzen ere, esaterako. Baina badirudi uste baino gehiago ezagutu zutela lurraldea eta haiek etortzerako beste herri batzuk ere existitzen zirela. Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Kultura Paisaietako ikerketa talde bat arkeologiako proiektu bat garatzen ari da Gipuzkoako oraingo herrien eta, bereziki, baserrien eta landako parrokien sorburuak ezagutzeko eta aurreneko emaitzek erromatar garairaino egiten dute atzera.

Aizarnan (Zestoa) ari dira lanean: oraindik habitatuta dagoen herri bat arkeologiaren ikuspegitik aztertzen duen lehen lana da eta Josu Narbarte Hernándezen doktorego tesiaren esparruan kokatzen da.

Geoarkeologia, prospekzioa, indusketa, ahozko eta idatzizko iturrien azterketa eta toponimia konbinatzen dituen metodologia berri-tzailearen bitartez, soro landuak, gune habitatuak, baso eremuak eta herri tradizionalen osagai guztiak aztertzen ari dira. “Aurreneko emai-tzak ikusita litekeena da Gipuzkoako herri batzuen sorburuak erromatar garaikoak izatea. Hala, agerian geratzen da gaur egungo landako paisaiek balio arkeologikoa dutela, orain arte behar bezala balioztatu eta aintzat hartu ez dena”, aipatu du Narbartek.

Eskuera dituzten datuekin frogatu ahal izan denez, Aizarnako lehenengo etxe okupazioa Ka I. eta Ko I. mendeen artekoa da, garai hartan datatutako egitura baten aztarnak aurkitu baitira bertako parroki elizaren inguruan. “Oraindik berri gutxi badugu ere, jakin badakigu Goi Erdi Aroan okupazioak jarraitu egin zuela eta Gipuzkoa osoko garai hartako lehen soro landua aurkitu da bertan”, egiaztatu du Narbartek. Hala eta guztiz ere, Behe Erdi Aroan lekuaren erabateko eraldaketa gertatu zen, baserri ugari eraiki baitziren inguruan, eta egun bertan diraute neurri handi batean.

Ikerlan hauetan aritu den taldearentzat aurretiazko emaitzak oso onak dira, kontuan izanik bidea irekitzen dutela gure lurraldearen eremuan gutxi aztertu izan diren hainbat problematika historiko eta arkeologikori heltzeko.

Lehenik, gure oraingo herrien bereizgarri den zabaltasun diakronikoa erronka bat da interbentzio arkeologikoari ekiteko eta habitatuta dauden testuinguruak aztertzeak zaildu egiten du metodologia ohikoenen erabilera.

Gainera, halako ikerketa proiektu bat oraindik okupatuta dauden herrietan garatzeak ateak irekitzen ditu tokiko komunitateekin elkarrekintza eraginkor baterako hemendik aurrera ere. - N.G.