Maialen Olano Diseinatzailea

“Askok erabiltzen ez dituzten arropak ekartzen dituzte, eta Madrileko umerzurztegi batera eramaten ditugu”

Maialen Olano diseinatzaile zaldibiarrak 24 urterekin ekin zion Migdala proiektuari. Orain, hamasei urte geroago, modarekiko maitasuna eta pasioa mantentzen jarraitzen du

M. Aranburu - Jueves, 12 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 18:00h.

beasain- Badira batzuk txiki txikitatik badakitenak helduak izatean zertan lana egin nahi duten. Horietako bat da Maialen Olano zaldibiarra. Umetako ametsari segiz, 24 urterekin Migdala denda ireki zuen Beasainen eta hilabete honetan 16. urteurrena ospatzen ari da.

Txikitatik izan nahi zenuen arropa diseinatzailea, ezta?

-Bai, txiki txikitatik. Inguruan amonak josi egiten zuen eta gurasoen lagun batek ere asko josten zuela oroitzen dut. Hala, haurra nintzela pertsonaiez mozorrotzen nintzen. Pentsa, bost urterekin irakasle batek galdetu zigun ea zer nahi genuen izan handiak izaterakoan, eta nik garbi esan nion diseinatzailea izan nahi nuela. Nik uste ez zuela oso serio hartu eta barre egin zuen... baina begira gauzak nola diren haren alabaren ezkontzarako soinekoa nik egin nuela. Barrez oroitzen dugu txikitako anekdota hori.

Eta 24 urterekin pausoa eman eta Migdala denda ireki zenuen. Nondik dator izen hori?

-Bai, baina oso argi neukan betidanik nire denda izango nuela. Ez dakit, banekien hala izango zela eta halaxe egin nuen. Izenari dagokionez, Maialen izena hebreeraz Migdala da. Irakasle batek txikitako opari batean idatzi zidan nire izenaren esanahia eta ordutik nire bizitzan garrantzia handia izan du. Gure irudian tximeleta bat ere agertzen da;irudia asko gustatzen zait eta tximeletaren sinbologia ere bai: librea da eta moda libre izateko modu bat dela ere uste dut.

Dendan arropa saltzeaz gain, diseinatzen ere ibiltzen zara.

-Hala da. Oraintxe bertan ezkongaien arropetan murgilduta gabiltza, jantzi oso naturalak egiten oihal naturalekin... eta prezioz ere ondo. Guztira zazpi ibiltzen gara josten, eta diseinuak nik egiten ditut. Baina horrez gain, neurrirako edozein arropa ere egiten dugu. Guretzat oso garran-tzitsua da bezeroak nahi duena lor-tzea, eta ez badago, hutsetik sortu egiten dugu. Oso prozesu polita da hori, asko ikasten dugulako;azkenean, gustuen inguruan ezin du inork agindu. Orain, berrikuntza modura, osagarriak ere egiten hasi gara. Edozein arroparekin jartzeko moduak sortzen ditugu, egunerokoak, eleganteak baina era berean sinpleak.

Garai batean neurrira arropa asko egiten ziren;egun jaitsita al dago merkatu hori?

-Egia esan jende askok nahi izaten du neurrira egindako arropa. Garestiagoa dela iruditzen zaigu, baina ez da hala. Gainera, erosleak berak duen ideiari forma ematen diogu, zerbait sortzen dugu eta hori izugarria da. Aholkularitzako ikasketak ere eginda ditut eta horrek asko laguntzen du pertsona bakoitzari ondoen doakion hori aurkitu edo egiterako orduan.

Eta zer aurkituko du Migdalara sartzen den batek?

-Batez ere, pasioa. Benetan bizitzen dugu moda eta maitasun handiz sortzen ditugu arropak. Askotan mundu hau azalekotzat hartzen da, eta bai, azkenean itxuraz ari gara. Baina itxurak berak asko esaten du pertsona horri buruz;adibidez, gustura badago jantzita duen horrekin segituan nabarituko zaio.

Arropa saltzeaz gain, beste hainbat proiektutan ere parte hartzen duzu, ezta?

-Bai. Esaterako, jendeak dagoeneko erabiltzen ez duen arropa jasotzen dugu eta ondoren, guk guztia desegin eta oihal moduan Madrilen dagoen umezurztegi batera bidaltzen ditugu. Bertara urtean bitan inguratzen gara eta josten erakusten diegu eta horrela, haur horiek beraiek sortzen dituzte jantziak. Oso hunkigarria da.

Hamasei urte pasa dira dagoeneko.

-Bai, eta bide honetan momentu onak eta txarrak izan ditugu baina horren guztiaren gainetik oso gustura joaten naiz egunero etxera, egiten duguna maitasun handiz egiten dugulako.