Zirrikituetatik begira

Puntu eta koma

Karmele. Jaio - Viernes, 29 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

PUNTU eta koma puntuazio marka desagertzear dagoela irakurri dut. Teklatuan idazten dugunetik, antza, ahaztu egin dugu puntu eta koma, ez dugu ia erabiltzen. Eta haren ordez, edonon ikusi ditzakegu galdera eta harridura ikurren errenkada, ez baitugu nahikoa esaldiaren bukaeran bat idaztearekin, eta bi eta hiru eta lau idazten ditugu gure mezu gero eta laburragoetan. Hitz eginez baino oihuka eginez komunikatzeko joera hartu duen mundu batean bizi gara, eta horrek eragina du gure idazteko moduan. Borroka hasteko prest dauden ezpatak diruditen harridura ikurren errenkada horiekin batera, gainera, maiuskulaz idazteko joera ere haziz doa, horrela gure ahotsa ozenago en-tzutea lortuko bagenu bezala.

Berehalakotasunaren munduan bizi gara, eta puntu eta komak gure mezua geldiarazten duela ematen du, ez dugu pazientzia nahikorik horretarako;gauzen konplexutasuna erakusteko gero eta leku estuagoa eskaintzen digun munduan bizi gara, eta hortik dator puntuaren arrakasta, esaldia eta kitto batekin bukatzea bezalakoa delako;irmotasunari balioa absolutua ematen dion eta zalantza ahulezia bezala agertzen duen mundu batean bizi gara;zalantzak munduaren misterioa ulertzen laguntzeko duen potentzialtasuna gutxiesten duen mundu batean.

Puntu eta komaren desagertzeari buruz ohartzen nauen artikuluan Filologia Romanikoan doktorea den Paz Battanerren esaldi bat aipatzen da: “Koma arrunt eta puntu irmoaren aurrean, idatzitako diskurtsoa fintasun handiagoz ordenatzeko doitasun-tresna txiki bat da puntu eta koma”. Anjel Lertxundik ere artikulu bat eskaini zion: “puntuaren pausa luzearen eta komaren arnas laburraren arteko ur bietan ito beharrean” dabilen puntuazio marka horri.

Nola idazten dugun, horrela bizi gara. Eta iruditzen zait ñabardurak galtzen goazela, tonua, adierazteko aberastasuna;eta hutsune hori betetzeko erabiltzen ditugu harridura ikur amaigabeak, edo oihu egiten duten maiuskula horiek. Bitartean, hor dugu puntu eta koma, zain, esaldi batean bere funtzioa betetzeko gogoz, baina guk, bitartean, keinu egiten duen emotikono bat marrazteko bakarrik eskatzen diogu laguntza.