Zirrikituetatik begira

Errekaleor bizirik

Rikardo Arregi - Miércoles, 27 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

pASA den larunbat goizean, nagiak aterata, Gasteizko Errekaleor auzo urrunera joan nintzen, bertako bizilagunek gonbidaturik, auzoaren aldeko manifestua sinatu zuten hainbat lagunekin batera. Gogoan dut txikitan pare bat aldiz egon nintzela Errekaleorren, eskolako lagun bat hor bizi zela uste dut baina ez nago seguru, beharbada gurasoek norbait ezagutuko zuten han, ez dakit;neuronek gordetzen didaten bakarra irudi lauso bat da: bertan nire adin bereko batzuekin nago sofa batean eserita, pilaturik, meriendatzen, mahai gainean katiluak daude. Gaztetan ere pare bat aldiz egon nintzela uste dut: oroimen bakarra, aurrekoa baino lausoagoa, autobusa da.

Pasa den larunbat goizekoa azkoz irmoago geldituko zait buruan iltzaturik. Ekialdeko jakintsuek diote soil-soilik ezagutzen duguna maitatzen ikas dezakegula, eta Errekaleorreko bizilagunek den-dena egin zuten (bertako batzuek etxera, sukalderaino, sartzeko aukera eman ziguten) gure ezagutza ireki eta sendotzeko: pilotaleku handia, zinema-aretoa, okindegia (Gasteizko Udalak eta Iberdrola Santuak elektrizitatea moztu zietenetik ez dabil, jakina), zenbait artistek hormetan egindako mural handiak, baratze ikaragarria, inprimategi isila. Bete-tzear dauden asmoez hitz egin ziguten (elektrizitatea lortzeko eguzki-panelak laster jarriko dituzte pilotalekuko hormetan), eta beste bizimodu desberdin bat saiatzeko asmo ederrez.

Ez dut ulertzen zergatik tematu eta itsutu den hainbeste Urtaran alkatea Errekaleorrekoekin. Badirudi higiezinen espekulazioa ez dela arrazoi nagusia. Orduan? Pertsona batzuk bizimodu desberdina saiatazea hain arriskutsua al da? Europa iparraldeko hiri askotan daude Errekaleor bezalako auzoak. Bozka kontserbadoreen bila dabil Urtaran? Kontuz ibili beharko du, jendeak fotokopia baino nahiago du jatorrizkoa.

Errekaleorreko hegoaldean badago paseatzeko leku ezin atseginagoa, platanoen azpian dauden eserlekuetatik Olarizu eta gainerako mendiak ikus daitezke. Leku gutxi dago Gasteizen egokiagorik amets egiteko begiak zabal-zabalik.