2017-18 ikasturte honetan

Campos Antzokiak ateak zalbalduko dizkio dantza eta kantu tradizionalari

AIKO Taldeak Dantzaldi Ibiltaria ekimena jarriko du martxan Bilboko antzokian, urritik ekainera klaseak astero eskainiko dituzten dantza eta kantu ikastaro egonkorrakDonostiak (Victoria Eugenia Antzokia), Durangok (Plateruena Kafe Antzokia), Galdakaok, Gernikak eta Markinak ere jasoko dute dantza tradizionala sozializatzeko eta zabaltzeko ekimen berezia, doako klaseekin urri osoan. Hala nahi dutenek, ondoren matrikula egin ahal izango dute, ekainera arte ikastaro osoarekin jarraitzeko

Bilboko Campos Eliseos Antzokiak dantza eta kantu tradizionalari zabalduko dizkio ateak 2017-18 ikasturte honetan. Euskal Herriko dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen eta musikariz eta dantza maisuz osatuta dagoen AIKO Taldeak DANTZALDI IBILTARIA jarriko du martxan Bilboko antzokian, metodologia propioa duen prestakuntza ekimena, gure dantza tradizionalak modu naturalean, pixkanaka eta era dibertigarrian ikasteko aukera ematen duena eta BBK Fundazioaren laguntza daukana

DEIA - Miércoles, 27 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 10:50h.

BILBO. Hori guztia, AIKO taldeko dantza maisuen profesionaltasunari esker, euren metodoaren bitartez, modu errazean eta erlaxatuan irakasten baitute dantzan. Hori da AIKOren filosofia, “dantza egiteko behar den gauza bakarra gogoa dela” aldarrikatzen duena. Horrela erakutsi dute urtez urte Dantzaldi Ibiltaria ekimenarekin, gure herrialde osoan eman dituzten tailer ugarietan eta dantza ikastaro egonkorretan. Azken hamarkadan 4.000 pertsona baino gehiago igaro dira horietatik.

Luxuzko agertokia, Bilbo erdialdean

Bilbon, dantza ikastaroa urriaren 2an, astelehenean, hasiko da, oinarrizko mailako klaseekin arratsaldeko 18:00etatik 19:30era, eta maila aurreratukoekin 19:30etik 21:00etara. Campos Antzokiko Kupula Aretoak astelehen guztietan, ekainaren 18ra arte, jasoko du ekimena. Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) musika eta dantza maisua izango da ikastaroa emango duena. Donostiako Kontserbatorioko goi-mailaren amaierako ohorezko saria eta Bilboko

Kontserbatorioko ohorezko aipamena ganbera-musikan. Joxe Inazio Ansorenaren ikaslea;1995ean Londresera joan zen graduatuondoko ikasketak amaitzera Sandrini Fundazioaren beka batekin. 1996an Etnomusikologiako Masterra amaitu zuen Goldsmiths’ Collegen. 2000n Doktore egin zen Filosofian Londresko Unibertsitatean, Berrizko (Bizkaia) danbolinteroa izan zen Alejandro Aldekoari buruzko doktoretza-tesiarekin, John Baily Doktorearen zuzendaritzapean. Irakasle aritu izan da zenbait ikastetxe, institutu, musika-eskola, kontserbatorio eta abarretan. Azken urteotan dantza tradizionaleko musika jotzen eta inprobisazioan espezializatu da. Estilo eta genero guztietako konposizioak eta moldaketak egin ditu. Max Saria 2015.

Dantza egiteko gogoa duten pertsonentzat zabalik dauden dantza klaseez gain, AIKO taldeak kantu klaseak ere antolatu ditu ikasturte honetarako, osagai ezin hobea (Kantu-txokoa). Euskal Herriko ahozko ondarearen transmisioan espezialista handia den Itsaso Arrietak eskainiko du partaideei Euskal Herriko txoko guztietako melodia tradizionalak ezagutzeko eta interpretatzeko aukera eskainiko dien ikastaroa. Inor bi ikastaroez gozatzeko aukerarik gabe geratu ez dadin, dantza ikastaroak bi txandatan eskainiko dira astelehen guztietan, 18:30etik 19:30era eta 19:30etik 20:30era. Horrek bi ikastaroak konbinatzeko aukera eskainiko du.

Bilbon egiteaz gain, Dantzaldi Ibiltaria Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Galdakaon, Durangon, Gernika-Lumon, eta Markina-Xemeinen ere gauzatuko da urritik ekainera. Leku horietan guztietan, klaseak doakoak izango dira urri osoan. Ate irekiko klaseak dira, ikasleei ekimen horrekin lehenengo kontaktua izateko aukera eskaintzeko. Ondoren, nahi dutenek, klaseekin jarraitu ahal izango dute ikasturte osoan. Ikastaroak bi mailatan eskaintzen dira, hastapena eta hobekuntza, aurretiazko ezagutzak, edo horien falta, ez daitezen izena emateko oztopo izan.

Partehartzaile bakoitzak bere mailarekin bat datorren taldean izena emateko aukera izango du. Honela, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek Oinarrizko Dantza Ikastaroetan (dantza tradizionalean hasteko ikastaroetan) parte har dezakete. Bertan, dibertimendua xede duen ikasketa-prozesu xume baten bidez, AIKOk dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei. Saio horietan, dantzarekin batera, gorputz-koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala hobetzeko jarduerak lantzen dira, soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta abar uztartzen dituen dantza-errepertorio aberatsari aplikatuta. Oinarrizko ezagutzak dituztenei, AIKOk zaletasuna maila bereko dantzazaleekin partekatzeko aukera eskaintzen die ‘Dantzaguneak’ deritzen dantza egiteko esparruetan, dantza-irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikatu eta aberas dezaten.

Dantza tradizionala balioan jartzea

Ikastaro egonkorren, tailerren, mintegien eta erromerien bitartez, Dantzaldi Ibiltaria alternatiba erakargarria eta naturala da, dantzan hasteko eta gure dantzen errepertorio zabalarekin gozatzeko. Ekimen horren bitartez, AIKOk indartu egiten du musika eta dantza tradizionalak zabaltzeko eta konpartitzeko, eta baita gozatzeko, apustua. Helburua, sozializazio, topaketa eta komunikazio gune garrantzitsu izaten jarraitzea da, dantza konpartitzeko lekua, hain zuzen ere. Izan ere, dantza, euskararekin batera, Euskal Herriko kultur eta nortasun zeinu garrantzitsuenetakoa da.

Prestakuntza eta dibertsioa konbinatuz, programa honen barruan, asteroko dantza klaseez gain, hurrengo hilabeteetan hainbat lekutan egingo diren tailer ibiltari eta monografikoak, erromeriak eta musika eta dantza tradizionalari eskainitako asteburuak ere jasotzen dira, dantza egiteko eta ondo pasatzeko helburu bikoitzarekin.
 
Dantza ikastaro osorako matrikularen prezioa 160 €-koa da, eta Kantu ikastaroak prezio bera izango du. Beherapenak egongo dira 14 eta 29 urte arteko gazteentzat (110€) eta Lea Artibai Ikastetxeko ikasle eta langileentzat. Matrikula www.aikotaldea.eus webgunearen bitartez edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz egin daiteke.

Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea

Duela hamaika urte sortu zen AIKO Taldearen ezaugarri nagusietakoa, dantza tradizionala irakasteko, baloratzeko eta gozatzeko orduan erakusten duen estilo berria da. Denbora honetan guztian, 4.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte taldeak Euskal Herri osoan antolatu dituen ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan. 2016an, taldeak bere lehenengo hamarkada bete zuen urtean, bi proiektu handi ekoiztu ziren: ‘Jotamentala’, Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izan zen eta ETBk ere eskaini zuen dokumentalaren estreinaldia;eta AIKO Taldeko musikariak eta dantza maisuak Euskal Herriko Musika Banda hoberenekin elkartzen dituen ikuskizun berria, aurten Euskal Herriko hainbat herritara heldu dena.