Bilborock aretoan

Bilbo Hiria 29. Pop Rock Lehiaketaren sailkapen kontzertuak ostegun honetan hasiko dira

Lehiaketa hau erreferente bat da Europako musikaren oraingo panoraman, eta finalerako sailkatzeko kontzertuak eguen eta barikuetan egingo dira bihartik, irailak 14, urriaren 26ra arte. Finalak, berriz, azaroan egingo dira, modalitateen arabera.

Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan, 18 urtetik 35erainoko gazteek osatutako taldeek har dezakete parte. Lehiaketaren helburua haien lanak bultzatzea eta zabaltzea da, agertokia Estatuko zein nazioarteko beste talde batzuekin partekatzeko aukera emateaz gainera.



EP - Jueves, 14 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 11:12h.

BILBO. Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketaren 29. edizioko sailkapen kontzertuak hasiko dira ostegun honetan, eta urriaren 26ra arte iraungo dute. Guztira, 34 talde ariko dira Bilborock aretoan ostegun eta ostiraletan, 20:00etan hasita, eta doako sarrerarekin, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko kideek osatutako taldeentzat da, eta haien lanak bultzatu eta zabaltzea du helburu.

Epaimahaia musika arloko adituek osatu dute, eta bere ardura izan da sailkapen fasean zuzenean joko duten 34 taldeak hautatzea. Edizio honetan 486 taldek eman dute izena (344 talde pop rock modalitatekoak, 94, metalekoak eta 48 elektronika eta beste joera batzuetakoak).

Finalisten artetik hiruna hautatuko dira Pop Rock eta Metal kategorietan, eta azaroan izango diren finaletan joko dute. Haiek bezala, Elektronika eta beste estilo batzuetako kategorian zuzenean finalerako hautatutako beste lauek ere joko dute.

Nobedade gisa, eta emakumeek rockaren agertokietan duten presentzia eta ekarpena agerian jartzeko, Bilboko Udalak "Rock & Roses" argazki erakusketa sustatu du. Bilborock aretoan bertan izango da erakusketa, erabilera anitzeko gelan, sailkapen kontzertuen fasea amaitu arte. 30 bat argazki dira, Unai Endemaño argazkilariak euskal rockaren eszenak izan dituen emakumeei eginak.

Halaber, programak egun berezi bat ere izango du aurten, BIME jaialdiarekin egin den elkarlanari esker. Sailkapen kontzertuen azken egunean, urriaren 26an, lehiaketan parte hartuko duten hiru taldeen ondoren, Melenas eta Los Brazos talde gonbidatuak igoko dira agertokira.

Euskal Herriko Musika Bulegoaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Soinuak ekimenaren laguntzarekin eginiko Basque Music at BIME deialdian hautatu ziren bi talde horiek.