azaroaren 19ra arte

"Bilboko Itsasadar Handia"arrantza-eskola asteburu honetan hasiko da

16 urtera arteko ume eta gazteei zuzendutako jarduera hau larunbatean eta igandean egingo da

Aurreko urteetako parte-hartzeen arrakasta ikusita, eta itsasadarreko biologiaren eta landareen berreskuratzeaz gozatzen jarraitzeko asmoz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Arrantza Federazioarekin batera, asteburu honetan abiatuko du 16 urtera arteko gazteei zuzendutako Arrantza Eskolaren beste ikasturte bat, arrainak harrapatu eta askatzeko modalitatean. Horretan, arrainak albait arinen eta ahalik eta kontu handienaz itzultzen dira uretara.

D.D. - Jueves, 14 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 11:46h.

BILBO. Lehenengo asteburu horretan, Ur Partzuergoak laguntzen duen “DibertigarRia” Itsas eta Itsasadar Azokarekin bat eginez, Arrantza Eskola Itsas Museoaren zabalgunera (Karola garabia) mugituko da, eta etengabeko ordutegia izango du: 17:00etatik 20:00etara larunbatean, irailak 16, eta 12:00etatik 15:00etara igandean, irailak 17. Irailaren 24tik aurrera, jarduerak bere ohiko kokapena eta ordutegia berreskuratuko ditu: Erripa Kaian egongo da igandero –Areatzako zubiaren ondoan– 11:30etik 13:30era, azaroaren 19ra arte.

Parte-hartzaile guztiei asegurua egingo zaie, eta beharrezko baliabide teknikoak jarriko dira haien esku: arrantza-ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak...), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak...), ikasteko materiala (dianak eta doitasun- eta jaurtiketa-materialak...), ordezko piezak, etab. Jarduera doakoa izango da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Gainera, esparrua egokitu egingo da, desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko.

Duela hamar urte baino gehiago, Arrantza Eskola abian jartzea erronka handia izan zen, bai Ur Partzuergoarentzat, bai Arrantza Federazioarentzat. Hala ere, proiektuaren emaitzak hasiera batean uste izandakoa baino askoz harrigarriagoak izan dira;izan ere, 2016an, 1.425 ikasle aritu ziren, guztira, kirol-arrantzan. Gero eta harrapaketa gehiago egiten dira, eta sailkatutako espezieak askotarikoak dira. Egintza horiek itsasadarra osasuntsu dagoela eta haren uren kalitatea berreskuratzen ari garela erakusten dute.