‘Euskara musu-truk’ ikasteko aukera aurten ere

Aire ahizpek kantaldia eskainiko dute Lesakan etzidamu matrikulazio kanpainaren baitan

Martes, 12 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h.

EUSKARA- Ikasturte berria ate joka dugu euskaltegian eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak herritarrak euskara ikastera animatzeko kanpaina abiatu du: Euskara musu-truk! Sólo te costará un beso. Joan den urtetik euskara ikastea debalde da Bortzirietan;bertan erroldatutako herritarrei ikastaro osoa finantzatzen die eta Euskara Mankomunitateak.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunen ustez harrera ona izan du ekimenak: “euskara debalde ikasteko aukerak jende gehiago erakarri du euskaltegira, eta ikasleen parte hartzea eta aprobetxamendua hagitz txukunak izan dira. 45etik 71ra igo da ikasle kopurua urte batetik bertzera, eta euskara ikasten hasteko behe urratsetik 20 ikasle berri izan dugu”.

Euskaltegian izena emateko mezua zabaltzeko bi bideo prestatu dituzte eta kanpainak badu irudi berria, alaia eta baikorra.

Euskara musu-truk, Bortzirietan euskara ikastea debalde delako. Eta sólo te costará un beso, euskarazko erramoldea gaztelaniara itzulita umorearekin erakarri nahi izan dituztelako erdaldunak.

Izen-ematea Izena emateko epea irailaren 1etik 29ra irekita dago. Matrikulazioa eta finantzaketaren gaineko informazioa eskuratu nahi duenak, Bortzirietako Euskaltegira deitu (948 637796) edo Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen web orrian lor dezake.Diru-laguntzak jaso ahal izateko Bortzirietan erroldatua egon behar da, asistentzia %85etik goitikoa izan behar da eta ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiaztatu behar da.

Matrikularen gastu osoa ordainduko zaie baldintza hauek betetzen dituztenei (gehienez 380 euro). Laguntzak jaso­tzeko urriaren 13a baino lehen beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute: Eskaera orria behar bezala beteta, NAN fotokopia, Euskaltegiko izen-emate orria eta konpromiso idatzia. Urrian matrikula gastu osoa baino 100 euro gutxiago (280 euro gehienez) jasoko du ikasleak bere kontuan eta euskaltegiari matrikula osoa ordaindu beharko dio.

Uztailean, baldintzak betez gero, 100 euro ordainduko zaizkio. %50 eta %85 bitarteko asistentzia duenak uztaileko ordainketarik ez du jasoko eta asistentzia %50tik behera duenak diru laguntza itzuli beharko du. Matrikulazio kanpaina girotzeko bi ekitaldi antolatu asmo ditu Euskara Mankomunitateak euskaltegiarekin batera.

Ortzirale honetan, 20.30ean Lesakako Plaza Zaharrean Aire ahizpek kantaldia eskainiko dute. Irailaren 22an, 19.00etan Berako Beralandetatik abiatuta bertso-triki-pintxo-poteoa eginen dute. - A. Arotzena