Zirrikituetatik begira

Unea

Pilar Kaltzada - Martes, 12 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

KATALUNIAKO adiskideek esaten dute denbora erotu egin dela bertan. Egunak 24 ordu dituela jakin arren, tarte horretan jazotzen denak erraz hartuko lukeela beste dimentsioren baten urte bat, edo hainbat urte, edo belaunaldi oso bat.

Dena bizkor doala esaten dute, bizkorregi apika, bere luze-zabalean ulertu ahal izateko. Musikagile bat da adiskide horietako bat, eta hark in crescendo doazela esaten du, eta urgentzia dutela jakiteko nola biribilduko duten obra koral handi hau.

Ezin jakin, zantzuak izan arren, hiru aste barrukoa pieza amaierako une loriatsua izango ote den, edo beste zerbaiten puntu eta jarrai, luzeago joko duen sinfoniarako interludioa. Ezin jakin, zeren eta dena da posible gaur gaurkoz, eta bere horretan, dena egingarri iruditze hutsa gauza handia dela esango nuke, den-dena aldez aurretik jakina edo ezaguna iruditzen zaigun garai hauetan harridurarako aukera izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Hauxe ote da unea? Greziarren mitologian denbora adierazteko Jainko desberdinak gurtzen zituzten. Horien artean Kronos da ospetsuena;uneen segida kuantitatiboa jasotzen du eta adibidez, esaten digu zenbat denbora falta den urriaren lehena iristeko. Horren ondoan, baino, entzute gutxiagoko Kairos delakoa dago. Honek ez ditu egunak zenbatzen, baina une egokia adierazten du, gauzak gertatu behar diren momentua. Zentzu filosofikoagoa du, zeren eta markatu egiten duen uneak ez du zertan erlojukoarekin bat etorri beharrik, eta maiz, kontrajarria dirudi. Horregatik da, apika, ulertzen horren zaila.

Batzuek esango dute urteak darama-tzatela une honen peskizan, eta heldua dela egindako lanaren ondorioz hazten joan den fruitua. Gogoratuko dute atzo bat egin zuen jende-uholdeak ez dela bat-bateko beroaldiarengatik elkartu, eta egindako bidean, prozesuan, pausoak egin dituztela une honetara iristeko. Beste batzuei goizegi irudituko zaie, beti goizegi baita inora abiatzeko gogorik ez duenaren-tzat.

Zerk esaten digu, bada, une egokia heldu dela, nola jakin dezakegu? Urgentzia bizi dutenei entzunez.