Brankaganetik kikuke

Sendotasunetik

Ramon Basaldua - Martes, 12 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:09h.

kUKO Zigandaren taldeak hasiera bikaina emon deutso denboraldiari. Azken urteetako onena. Datuak oso esanguratsuak dira. Zazpi partidutan bost garaipen eskuratu dabez zuri-gorriek eta bardinketa bi. Hondino ez dabe norgehiagokarik galdu, ez Ligan ezta Europa Leaguen be, eta hamaika gol sartu eta hiru bakarrik jaso dabez, hirurak Europan etxetik kanpo jokatutako partidu bietan. Hori gitxi balitz, bost partidutan aurkariak ez dira zuri-gorrien atea zulatzeko gauza izan. Datu honeek garbi erakusten dabe Athletic talde sendoa dala, menderatzeko aurkari gatxa edozein talderentzat. Horrek ez dau esan gura, ostera, Zigandaren taldea bikain jokatzen dabilenik. Garbi dago zuri-gorriek badaukiela zer hobetu, erasoko jokoan batez be. Edozelan be, entrenatzaileak berak Gironaren aurkako partiduaren ostean esan eban lez, emaitza onak lagungarri izan behar dira etenbako hobetze prozesu horretan. Puntu barik oso gaitza izaten da lasai ekitea lanari. Athleticek ez dauka preminarik, epe laburrera behintzat.

Gauza handirik egin barik eskuratu eban Athleticek ligako lehen garaipena San Mamesen. Egia esateko, Gironak ez eutsan oztopo handirik ipini talde zuri-gorriari, norgehiagokaren lehenengo minutuetan izan ezik. Aduriz eta enparauek lau bider jaurti eben Gorka Iraizozen atera eta gol bi sartu ebezan. Hirugarrena sartzeko zorian be egon ziran baina Sabin Merinoren jaurtiketak zutoinean jo eban. Partidu lasaia izan zan Zigandaren taldearentzat. Aurrealdean erakutsitako eraginkortasunari, aurkariaren zorroztasun faltea gehitu jakon. Izan be, Gironak ez eban arriskurik sortu Herrerinen atean, zelai erdian baloia polito ikutu arren.

Kuko Zigandak inork baino hobeto daki taldeak hobetu egin behar dauela erasoko jokoan. Halanda be, entrena-tzailea lasai dago taldeak sendotasuna erakusten dauelako zelaian eta defenditzeko sendotasun horretan oinarritu gura dau erasoko jokoaren hobetzeko prozesua.

Gironaren aurkako partiduak albiste onak itxi ebazan Athleticentzat, garaipenak emondako hiru puntuez gain. Unai Núñez, hogei urteko gazteak, partidu serioa egin eban. Ez eutsen aukerarik emon aurkariei eta zuhur ibili zan jokaldi askotan. Ziganda oso pozik dago zentralagaz eta hobetzeko tarte handia daukala azpimarratu dau. Beste alde batetik, Ander Iturraspek denboraldiko lehen minutuak jokatu ebazan, aurredenboraldian izandako zuntz hausturea gainditu ostean. Abadiñokoak aberastu egin leike taldearen jokoa. Bere eskuetan dago titulartasuna eskuratzea. Aurrealdean, Iñaki Williamsek ez eban golik sartu baina berak emon ebazan arratsaldeko gol biak. Ez da zoratu behar gola sartzeagaz. Etorriko dira.

Azterketa gogorra dauka Athleticek etzi Alemanian. Lehen aitatutako sendotasuna erakutsi behar dau Zigandaren taldeak emaitza ona lortzeko Europa Leagueko multzoen faseko lehen jardunaldian. Europan jokatu dabez zuri-gorriek orain arteko partidurik makalenak, Bucurestin eta Atenasen. Egia da, gaur egun Athletic orduan baino hobeto dagoala baina garbi euki behar da Europan hanka sartzeak oso garesti ordaintzen dirala. Bucurestiko bigarren zatia edota Atenasko lehen ordubetea ezin dira errepikatu.

Oinatz Bengoetxeak, eskuz banakako txapeldunak egin eban ohorezko sakea domekan San Mamesen. Leitzakoak bihotzean daroa Athletic. Aitzol Atutxak hiru bider irabazi dau Euskal Herriko aizkora txapelketea, Athleticeko bazkide da eta hondino ez deutse horrelako aukerarik emon. Ez da bidezkoa.