GURE HIZKUNTZA HOBETO IKASTEKO

"Euskera is in the Air"kanpaina abiatu dute Bilboko Udalak eta euskaltegiek

“Euskera is in the Air – Vive Bilbao en euskera” goiburuaren bidez, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak kanpaina hau atera dute kalera herritarrak euskara ikastera eta hitz egitera bultzatzeko.

DEIA - Martes, 12 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 12:00h.

BILBAO. Kanpaina honen helburua da 2017-2018 ikasturteko euskarako ikastaroetan izena ematera bultzatzea. Matrikulatzeko epea zabalik egongo da hilaren amaierara arte. Herritarrak euskara ikastera bultzatzeko, gaur hasi eta irailaren amaierara arte, kanpaina koloretsua ikusiko da uriko kaleetan “Euskera is in the Air – Vive Bilbao en euskera” goiburupean. Helbururik behinena euskara pertsona guztien eguneroko tresna bihurtzea da.

Goiburu hori zenbait euskarritan ikusi ahal izango da: uri osoan zehar ibiliko diren 5 Bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan, Udalaren 5 erlojutan eta irratiko iragarkietan.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltegien sareak elkarrekin egingo dute dei hau hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko. Kanpaina honekin, jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala lortu gura da eta horretarako aurreneko urratsa Bilbon dauden 17 euskaltegietako batera joatea eta urriaren 1ean hasiko den ikasturterako matrikulatzea da. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko hilaren amaierara arte.

Izan ere, euskaltegietan bertan aurkitzen dira euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak.

Euskararen normalizazioan egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei.

DIRU-LAGUNTZAK

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 164.900 euro erabiliko ditu diru-laguntzak emateko euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Kolektibo bi horiek berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran. Bilboko ume eta gaztetxo gehienak ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan.

Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan. Kolektibo bi horiek ez eze, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek ere diru-laguntzak eskuratu ditzakete. Diru-laguntzok 2018ko udan banatuko dira, behin 2017-2018 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.

EUSKALTEGIEN SAREA

Bilbon 17 euskaltegi daude, uriko zortzi barrutietatik zazpitan. Horrek esan nahi du ia barruti guztiek dutela euren euskaltegia. Iaz, 2016-2017 ikasturtean, 8.000 ikasletik gora eman zuten izena.

Hauek dira Bilboko euskaltegiak:

1. Barrutia (Deustu)
•Larrako AEK (Larrakatorre, 24) Tel. 94 447 02 24
•Euskal Irakaslegoa-Universidad de Deusto (Avenida de las Universidades, 24) Tel. 94 413 91 77
•Matxintxu AEK (Ramón y Cajal, 8) Tel. 94 475 22 33

3. Barrutia (Txurdinaga-Otxarkoaga)
•Santutxu AEK (Arbidea, 21) Tel. 94 411 76 56

4. Barrutia (Begoña)
•Labayru Fundazioa (Bilbao-Galkakao, 6A - Metroalde, Bolueta). Tel. 94 607 72 10

5. Barrutia (Ibaiondo)
•Bilbo Zaharra Euskaltegia (Posta, 8) Tel. 94 415 82 92
•Lizardi AEK (Txakur kalea, 1) Tel. 94 416 82 00

6. Barrutia (Abando)
•BAI &BY (Urkixo zumarkalea, 22) Tel. 94 470 18 57
•Gabriel Aresti Euskaltegia (San Bizente, 2-4) Tel. 94 423 75 91
•Indautxu AEK (Urkixo zumarkalea, 88) Tel. 94 441 34 74
•Labayru Fundazioa (Colón de Larreategui, 14) Tel. 94 443 76 84
•Mikelats Euskaltegia (Ayala, 1) Tel. 94 415 32 95
•Mondragon Lingua (Buenos Aires, 7) Tel. 94 661 34 67
•Ulibarri Euskaltegia (Gardoki, 3) Tel. 94 416 24 72

7. Barrutia (Errekalde)
•Juan Mateo Zabala Euskaltegia (Gordoniz, 22) Tel. 94 422 13 88
•Irala AEK (Kirikiño, 22) Tel. 94 421 13 04

8. Barrutia (Basurtu-Zorrotza)
•Zorrotza AEK (Zalbidea, 7) Tel. 94 441 49 20