Joseph Losey-ri buruzko atzera begirakoak 65. Donostia Zinemaldian bere film luze guztiak ikusteko aukera emango du

Joseph Losey-ri buruzko atzera begirakoak 65. Donostia Zinemaldian (irailaren 22tik 30ra) beraren 32 film luzeak eta 6 film labur ikusteko aukera emango du. Joseph Losey egile-zinema edota arte- eta entsegu-zinema izenez ezagutzen denaren ordezkari gorena izan zen 60ko hamarkadan, besteak beste "The Servant" (1963), "King and Country" (1964), "Accident" (1967) eta "The Go-Between" (1971) bezalako filmei esker. Aipatutakoen artean bigarrena salbu, Harold Pinter dramaturgoak idatzi zituen horiek guztiak.

EUROPA PRESS - Sábado, 12 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 20:57h.

DONOSTIA. Baina, Europako zinemaren ordezkari nagusietako bat bihurtu aurretik, Joseph Losey zuzendariak eragozpenak izan zituen bere jaioterrian, 1947tik aurrera Hollywooden Joseph McCarthy senatariak hasitako "sorgin-ehizaren" biktima izan baitzen, beste profesional asko bezala.

Donostiar lehiaketak gogoratu duen bezala, Loseyren obra hiru aldi ezberdinetan banatzen da. Lehendabizikoa 50eko hamarkadaren hasierara arte luzatzen da, eta AEBetako zinemagintzari lotuta dago. Bigarrena, berriz, Ingalaterran garatu zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetan, prestigio handia eskuratuz. Azkenik, etapa ibiltariago bat izan zuen Loseyk, Italiako, Frantziako eta Espainiako produkzioetan lan egitera eraman zuena.

Losey 1909an jaio zen Wisconsineko La Crosse hirian, eta kazetaritza idatzian zein irratigintzan jardun zuen gaztetan;gero, antzerkigintzara bideratu zuen bere ibilbidea. Politikoki, ezkertiartzat jotzen zuen bere burua Loseyk. Horrek bultzatuta, hainbat lanetan Bertold Brecht antzerkigile alemaniarrarekin aritu zen, eta denboraldi bat eman zuen Sobietar Batasunean, antzerkigintzako kontzeptu berriak ikasten.

30eko hamarkadaren amaiera aldera, Losey film laburrak zuzentzen hasi zen Metro Goldwyn Mayer etxearentzat, eta 1948an bere lehen film luzea zuzentzeko aukera izan zuen, RKO ekoiztetxearen eskutik, "The Boy with Green Hair", "gerraren, totalitarismoaren eta ezberdintasunaren aurreko intrantsigentziaren aurkako alegoria bat".

ZERRENDA BELTZA

Kostu baxuko eta osagai sozial argiko hainbat lan egiteko aukera izan zuen jarraian;adibidez, "The Lawless" (1950), "The Prowler" (1951) eta "The Big Night" (1951), hirurak Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordeak errepresaliatutako gidoilariek idatzitakoak: Daniel Mainwaring, Dalton Trumbo eta Ring Lardner Jr idazleek, zehazki. Loseyren izena Hollywoodeko "zerrenda beltzetan" ezarri zen, bere lehen filmen orientazio sozialagatik. Ez hori bakarrik;Loseyri AEBetako Alderdi Komunistako kide izatea ere egotzi zioten.

Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordearen aurrean deklaratzeko deia jaso zuenean, Italian zen Losey, "Imbarco a mezzanotte" ("Stranger on the Prowl") (1952) lana filmatzen. Sorterrira ez itzultzea eta Ingalaterran bizitzen geratzea erabaki zuen. Italian egiten ari zen filma Andrea Forzano izengoitiarekin estreinatu zuen Loseyk, eta Ingalaterran egin zituen lehenengo bi lanak ere ez zituen bere benetako izenarekin kaleratu, arrazoi sindikalengatik. Hala, "The Sleeping Tiger" (1954) Victor Hanbury izengoitiarekin sinatu zuen, eta "The Intimate Stranger" (1956) Joseph Walton ezizenez. Film horietako lehenengoan, bere aktore kuttunetako bat bilakatuko zen Dirk Bogarderekin aurrenekoz aritu zen lanean.

Melina Mercourik antzeztutako Rank konpainiaren 1958ko "The Gypsy and the Gentleman" (1958) lanarekin Losey Erresuma Batuko zinema-industria nagusian bete-betean sartuko zela bazirudien ere, bere ibilbideak beste norabide bat hartu zuen ordutik aurrera. Hala, "Blind Date" (1959) intrigazko filmarekin eta espetxe batean girotutako "The Criminal" (1961) dramarekin, bere obrak bide ezberdin eta benetan interesgarria hartu zuen.

FILM OSO PERTSONALAK

70eko hamarkadaren erdialdera bitartean, Loseyk bi lan mota oso ezberdin uztartu zituen: "gizonen eta erakundeen arteko botere-harremanez hausnartzeko aukera eman zioten sinboloz betetako film oso pertsonalak (ispilu-irudien erabilera bereziarekin), eta garaiko izar handiekin egindako film komertzialagoak, literatura-lan oso ezagun eta prestigiotsuetan oinarritutakoak".

Lehen talde horretakoa da "The Servant", Loseyren obra ondoen definitzen duen filma. Pinterren idazkera zorrotza, eta Bogarde eta James Foxen arteko aktore-duelua ditu oinarri. Talde horretakotzat jo daitezke Canneseko Zinema Jaialdian Epaimahairen Sari Nagusia jaso zuen "Accident", Cannesen bertan Urrezko Palmorria jaso zuen "The Go-Between", eta gerraren aurkako alegatua den "King and Country" ere.

Bigarren taldean, berriz, honako lan hauek sar daitezke: "Eve" (1962) -James Hadley Chaseren eleberri baten egokitzapena, Jeanne Moreauk antzeztua-;"Modesty Blaise" (1966) -Peter O'Donnell eta Jim Holdawayren espioitza-komikiaren bertsio ikonoklasta, Monica Vittik antzeztua-;"Boom" (1968) -Tennessee Williams antzerkigilearen lan batean oinarritua, eta Elizabeth Taylor eta Richard Burtonek osatutako bikote apartak antzeztua-.

Halaber, "Secret Ceremony" (1968) -Elizabeth Taylorrek, Robert Mitchumek eta Mia Farrowek antzeztutako drama "psikologiko klaustrofobikoa"-;"A Doll's House" (1973) -Henrik Ibsen antzerkigilearen izen bereko lanean oinarritua, eta Jane Fonda, David Warner eta Trevor Howard antzezle dituena- eta "A Romantic Englishwoman" (1975) -Loseyren obra definitzen duen beste lanetako bat, Stoppardek idatzitako eta Glenda Jackson, Michael Caine eta Helmut Bergerrek antzeztutako joko triangeluar bizi eta gaiztoa oinarri duena-.

Loseyk oso film abstraktuak ere egin zituen bere ibilbideko aldi oparo horretan. Horren adibide da "Figures in a Landscape" (1970), espetxetik ihes egin duten eta helikoptero misteriotsu batek jazartzen dituen bi presoren ihesaldia kontatzen duena -gidoia Robert Shaw aktoreak idatzi zuen, eta bera da filmeko protagonista, Malcolm McDowellekin batera-. Aipatutakoaren adibide da, bestalde, "Mr. Klein" (1976), Alain Delon protagonista duena.

Loseyk "kutsu politiko gardeneko" filmak ere egin zituen bere ibilbidean;adibidez, "The Assassination of Trotsky" (1972). Bertan, Alain Delonek egin zuen Ramon Mercaderren papera, eta Richard Burtonek Leon Trotskirena. Alain Resnais zuzendariaren "La guerre est finie" (1966) lanaren jarraipena den "Les routes du sud" (1978) filma ere erabat politikoa da. Resnaisen filmean bezala, bertan ere Jorge Semprúnek idatzi zuen gidoia, eta Yves Montand izan zen gatazka ideologiko etengabean bizi den erbesteratu espainiarraren papera antzeztu zuena.

ESPAINIAK ESTREINATU GABEAK

Horrez gain, Espainian estreinatu ez ziren bi lan ere egin zituen bere bizitzaren azken urteetan: Frantzian egindako "La Truite" (1982) -Isabelle Huppert aktoreak zuzendariaren obran hain ohikoak diren emakumezko pertsonaia konplexu horietako bat antzeztu zuen- eta bere filmetan azkena, "Steaming" (1985), antzerkian oinarritutako filma. Loseyk ez zuen filmaren azken muntaketa ikusterik izan, 1984ko ekainean hil baitzen, bere lana Cannesen aurkeztu baino ia urtebete lehenago.

Loseyk harreman zaila izan zuen beti Donostia Zinemaldiarekin, erregimen frankistaren eraginez. "Figures in a Landscape" lanaz gain, "The Sleeping Tiger", "Boom" eta "The Go-Between" filmak ere aurkeztu ziren Donostian;azken hori, informazio-sail batean. Horrez gain, "The Romantic Englishwoman" filma ere Donostian lehiatzeko aukeratua izan zen, baina zuzendariak eta Glenda Jackson aktoreak Zinemaldira ez etortzea erabaki zuten, Francok sinatu berri zituen heriotza-zigorren aurkako protesta-ekintza gisa.

Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago antolatuta, San Telmo Museoaren, Euskadiko Filmategiaren eta CulturArts-IVACen lankidetzarekin. Zikloa zuzendariari buruzko liburu baten argitalpenarekin osatuko da;Quim Casas-ek koordinatua, Espainiako eta Erresuma Batuko hainbat egilek parte hartuko du bertan. Donostian izan ostean, Madrilgo Espainiako Zinematekan ere ikusi ahal izango da Joseph Loseyren atzera begirako zikloa.