Euskal Herriko Unibertsitatea

UPV/EHUko ikerketa proiektu sarietarako deialdia zabalik

Epea bukatu eta hilabetera argitaratuko da ebazpena. Eskariak  osatzeko prozedura eta informazio osoagoa aurkitzeko daude nahi  duenaren eskura www.mintzola.eus eta www.ehu.eus/laboakatedra  atarietan.

EP - Lunes, 17 de Julio de 2017 - Actualizado a las 12:31h.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Mikel Laboa Katedrak eta  Mintzola Ahozko Lantegiak 2.000 euroko bi ikerketa proiektu sari  eskainiko dituzte aurten. Eskariak aurkezteko epea jada zabalik dago  eta urriaren 15ean amaituko da, Mintzolak jakinarazi duenez.

Ekimen honen bidez, geroko tesiak bultzatzea eta ikertzaile  gazteei bultzada ematea dira UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren eta  Mintzola Ahozko Lantegiaren helburuak. Horregatik, aurten ere  irabazleek beraien proiektuak gauzatzeko bi sari jasoko dituzte.

Lanen ikergai nagusia bertsolaritza bada ere, edozein jakintza  alorretik har daiteke gaia. Bestalde, master amaierako lanen  proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa lan monografiko  batzuen proiektuak ere onartuko dira. Nolanahi ere, unibertsitateko  irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Epea bukatu eta hilabetera argitaratuko da ebazpena. Eskariak  osatzeko prozedura eta informazio osoagoa aurkitzeko daude nahi  duenaren eskura www.mintzola.eus eta www.ehu.eus/laboakatedra  atarietan.

2013TIK ELKARLANEAN

Mintzola Ahozko Lantegia eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta  Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetza 2013an hasi ziren  elkarlanean. Egindako bideari esker, bertsolaritzaren inguruko  azterketa lanek hazkunde nabarmena izan dute. Ikerketa horiek  ezagutzeko aukera izango da abuztuaren 24an eta 25ean Donostiako  Miramar Jauregian, Mintzolak antolatu duen "Bertsolarien kantaera eta  sormena" ikastaroan.

Halaber, azken deialdietan ikusi denez, proiektu sariek doktore  tesietan ondorio onuragarria izan dute, hau da, saria lortutakoek  tesirako proiektuak aurkeztu dituzte gerora.