Udako Euskal Unibertsitatearen

UEUren 45. Udako Ikastaroen balorazioa "oso positiboa" izan da

Irati Iciar Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroen  arduradunak 45. edizioaren balorazio "oso positiboa" egin du, eta  ezaugarri nagusia "pertsonen arteko elkarrekintza" izan dela  nabarmendu du.

EP - Lunes, 17 de Julio de 2017 - Actualizado a las 12:24h.

BILBO. "45. edizio honen balorazioa oso positiboa da. 600 izen emate  inguru jaso ditugu, 100 irakasle inguruk parte hartu dute.

Orduan,  balorazio positiboa egiten dugu partaidetzaren inguruan, baina baita  Udako Ikastaroen antolaketan bertan islatu nahi izan dugun 'Elkar  Ekin' horren balorazio positiboa. Partaide asko, erakunde asko,  lurralde ezberdinetakoak. Oso gustura gaude aurtengo edizio honekin",  adierazi du.

Ikastaroen diseinurako 110 proposamen inguru jaso izana nabarmendu  du Iciarrek, elkarlana "ezinbestekoa" baita arlo akademikoan eta  bestelakoetan, hala nola azpiegiturak lortzeko. Horrela izan da  aukera Baionan, adibidez, Iker zentroa, AEKren Ereintza euskaltegia  edo Euskal Erakunde Publikoaren egoitza. Halaber, Iruñean NAPI edo  Katakrak erabiltzeko aukera izan da, Usurbilen Udarregi Ikastola eta  Donostian Hirikilabs.

JARDUNALDIAK

Gaurkotasunari lotutako ikastaroak eta ohiko unibertsitateetan  lantzen ez diren gaiak izan direla azpimarratu du, eta ikastaroak  arlo teknikoagoetako profesional eta eragileen topagune ere izan  direla. Ildo horretan, esan du "gero eta toki eta pisu gehiago edo  garrantzi handiagoa" daukatela profesionalen jardunaldiek.

"Ikusi dugu Udako Ikastaroak, uda garaia, gune interesgarriak  direla profesional horiek ere biltzeko. Aurten, adibidez,  hizkuntzalariak izan ditugu, komunikazio munduko teknikari edo  langile edo profesionalak telebista publikoaren inguruan hausnartzen,  eta beste hainbeste", azaldu du.

Azkenik, Iciarrek adierazi du Udako Ikastaroak etengabeko  formakuntzaren filosofiaren barnean ulertu behar direla, eta haien  "alde informala" ere nabarmedu du, "klasetik kanpo gertatzen den  hori". "Horregatik ikastaro guztiek aldi berean egiten dute atsedena,  ondoan dauden gainerako ikasleak ere ikusteko, elkarrekin bazkaltzeko  aukera ematen dugu.

Alde informal hori ere oso garrantzitsua delako.  Pertsonen arteko elkarrekintza hori. Nire ustez hori da Udako  Ikastaroen ezaugarri nagusia", esan du.