Zirrikituetatik begira

Oreka

Karmele Jaio - Viernes, 19 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:03h.

GURE gorputzaren zati ezberdinekin pentsatzen dugu: batzuetan buruarekin, beste batzuetan bihotzarekin, eta bestetan gerri inguruarekin. Hiru maila hauetatik aldi berean pentsa-tzeko ahalmena dugu, baina batzuetan ez ditugu orekaz erabiltzen, eta zati bat gailentzen da edo bat bestea baino garatuagoa izaten dugu. Ba-tzuek gerri ingurutik hartzen dituzte erabakiak, euren beharrak bulkadaz asetzen dituzte, buruarekin gehiegi pentsatu gabe;beste batzuk bihotza dute erabakien epizentroa, eta emozioak, maitasuna, errukia izaten dira haren motorrak;beste batzuek burutik erabakitzen dute, ideia eta arrazoietatik.

Pertsona orekatu batek hirurak konbinatzeko ahalmena izan beharko luke: lurretik gertuen daukagun gerri ingurutik adore eta kemena atera ahalko luke horrela bizitzak aurrean jartzen dizkigun oztopoei aurre egiteko;bihotz ingurutik aterako luke besteen egoerak gureak balira bezala uler-tzeko ahalmena;eta burutik hartu ahalko lituzke arrazoituak izan behar diren erabakiak, batzuetan datuak eta arrazoiak erabiliz eta beste batzuetan intuizioa, hau da, esperientziak erakusten digun lezio bikain hori erabiliz.

Hoberena edozein pertsonak oreka hau izatea litzateke, baina bereziki garrantzitsua litzateke besteengan arduraren bat edo eragin zuzenen bat duten pertsonen kasuan: hiritarren ordezkari direnen kasuan, enpresa edo beste edonolako entitate baten arduradun direnen kasuan, guraso eta irakasleen kasuan… Pertsona hauek hiru indar horien arteko oreka izatea garrantzitsua litzateke. Ezin baita, adibidez, politika egin buruarekin bakarrik, baina ezta erreakzioak, haserreak edo errebantxak bultzatuta ere;ezin da inor hezi portaera arauak bakarrik kontutan hartuz, maitasuna eta elkar ulertzea beharrezko osagaiak izan beharko dira. Hau da, ezin da besteengan eragin zuzena duten erabakirik hartu gerri ingurutik ateratzen dugun indar eta kemenik gabe, bihotzak ematen digun enpatiarako ahalmenik gabe, eta buruak eskaintzen digun arrazoimenerako gaitasunik gabe. Hiru indarrak dira beharrezkoak.