literatura saria

Pello Añorga eta Jokin Mitxelena, garaile Etxepare sarian

Miércoles, 1 de Julio de 2015 - Actualizado a las 06:07h.

bilbo- Munstroek pixa egiten dute ohean albumak irabazi du aurtengo Etxepare haur literatura saria. Bigarren aldiz, Pello Añorgak (Oiartzun, 1956) eta Jokin Mitxelenak (Donostia, 1962) sinatutako lan bat izan da garaile Nafarroako hainbat udalek eta Mankomunitateko Euskara Zerbi-tzuek, Pamiela argitaletxearen lagun-tzarekin, antolatzen duten lehiaketan.

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute epaimahaia, eta testuaren eta irudien arteko lotura estua nabarmendu dute, “jolasa motor eta emozioa” kide direla. “Unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da azkenean;musika darie hitzei eta bizia irudiei”, gaineratu dute epaimahaikideek.

Bide beretik, irudien plano eta perspektiba aldaketa testuarekin bat datorrela azpimarratu dute, “garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala” erantsiz. Azkenik, epaimahaiak Piztiak bizi diren lekuan Maurice Sendak autore estatubatuarraren obra klasikoa ekarri du gogora, Añorga eta Mitxelenaren lanak hari keinu egiten diola aipatuz.

Aurten, guztira, hamazortzi lan aurkeztu dira, 5.000 euroko sariaren bila, egile eskubideen aurrerapen gisa. Gainera, Munstroek pixa egiten dute ohean aurtengo udazkenean euskaraz argitaratuko du Pamiela argitaletxeak.

Pello Añorga idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea 80. hamakadan hasi ziren elkarlanean, eta ordutik askotan osatu dute idazle-ilustra-tzaile bikotea. 2006an Gerlar handia albumarekin suertatu ziren irabazle, alegia, gerlari batek elurretan pasatzen duen gau misteriotsu eta beldurgarriaren kontakizunarekin.

Etxepare haurrentzako albumen saria da, euskaraz ondutako obren produkzioa sustatzeko helburuarekin sortua. Ordainsari ekonomikoaz gain, lanak argitaratzeko ere laguntza dute irabazleek, Pamiela argitaldariaren bidez. - DEIA